Zu entrenatzailea? Zergatik ez!

Apurka-apurka normaltasunera bueltatzen ari gara, eta martxan dira berriro ere talde kirolak. Eta itzulera honetan arazo bat sortu da klub gehienetan, entrenatzaileen beharra.

Nire kirol ibilbidean hainbat esparru jorratu behar izan ditut, jokalari zein entrenatzaile lanetan aritu naiz. Jokalari lez hasieran futbolean eta geroago errugbian eman ditut urte asko. Futbol sasoiko oroitzapenetan Isidoro Sanchez etortzen zait burura. Beragandik jaso nuena sekulan ez dut ahaztuko.

Geroago, errugbian, Iñigo Barrenetxea izan nuen lehen entrenatzailea. Lehengusua izateaz gain, aitortu behar dut meritu handia izan zuela, urte horietan gazte “banda” bat zena, taldea bihurtzea lortu zuen eta horrekin batera albokoa laguntzeko eta babesteko sena zabaldu zuen kide guztien artean. Geroago Jokin Azpitarte eta Ortzi izan ditut entrenatzaile gertuenak. Gaur egun, biak lagunak ditut, beraiek talde moduan zein arlo pertsonalean genituen gaitasunak identifikatzeko gai izan ziren, eta taldearen mesederako norbanakoenak indartzeko gai izan ziren. Nire kasuan, zelai barruan nire esku utzi zuten taldea gidatzeko ardura.

Aipatutako pertsona horiek kontu ugari utzi zizkidaten, bakoitzak berea. Nire helburu bakarra, nik jasotako hori guztia modu batean edo bestan bueltatzea eta zabaltzea zen. Ikasitakoa zabaldu eta hurrengo belaunaldietan erein, norberak dituen mugak onartuz. Prozesu horretan maitasun eta pazientzia handia jarriz.

Hau dena esanda, irakurle estimatua, gonbidapen berezia egin nahi nizuke, kirolaria izan zaren heinean, ausartuko zinateke hainbeste maite duzun kirol horretan monitore lanetan aritzen? Hainbeste sufrimendu, buruhauste, izerdi… baina aldi berean poza, autoestimua eta lagun ugari eman dizkizun kirol horren zabalkundean partaidea izateko prest zaude? Horra egiten dizudan erronka: zu entrenatzailea, zergatik ez?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!