Ezaguna da errugbian epailearekiko begirune edo errespetu berezia lortze aldera, jokalariei zein ikusleei hasiera-hasieratik erakusten zaien jarrera dela. Honako honetan lerro hauetan azken urteetan gure kirolean egon den epailerik ezagunena eta mediatikoena ekarri nahi dut, Nigel Owens galestarra. Zergatik? Iaz nazioarteko epaile lanetan 100 partida bete zituelako, aurreko marka guztiak hautsiz.
Owens jaunak lortutako ospea zein errespetua, zelai barruan zein kanpoan egindako lanagatik lortu ditu. Epaile lanetan nazioarteko debuta 2003. urtean egin zuen, hain zuzen ere Portugal eta Georgiaren arteko partidan. Geroztik beste hainbat norgehiagoka bideratzea egokitu zaio, eta 2020. urteko azaroaren 28an Parisen ospatutako Autumn Nations Cup txapelketako partidan borobildu zuen bere curriculuma, 100 partidara helduz.
Tartean, jokatutako azken lau Munduko Txapelketetan aritu da, 2007,2011, 2015 eta 2019an. 2015ean berak gidatu zuen Zeelanda Berria eta Australiaren arteko Munduko Txapelketaren finala. Urte hauetan jokalari, entrenatzaile zein zaletuen errespetua lortu du.
Hainbat eta hainbat bitxikeria gertatu izan zaizkio bere ibilbidean. Behin txartelak aldageletan ahaztu zituen, eta jokaldi korapilatsu baten ondorioz jokalari bat kanporatzea egokitu zitzaionean, begirada zehatza bota eta atzamarrarekin kalera joateko keinua adierazi zion jokalariari. Beste behin jokalari batek ostikoa gauzatu behar zuenean aurkari bat oihuka hasi zen huts egin zezan, kale egin zuen eta epaileak ostikoa errepikatzea erabaki zuen joko garbiaren aurka zihoalako halako jarrera. Beste batean jokalari bat plantak egiten zela, gertuen dagoen antzoki ezaguna non zegoen azaldu zion.
Baina bere erabakirik korapilatsuena 2007. urtean hartu zuen, erabaki pertsonala izan zen, Wales on Sunday komunikabideak egindako elkarrizketa batean 'armairutik atera' eta homosexuala zela aitortu zuen. Ezaguna da errugbian eta orokorrean goi-mailako kirol askotan tabu itzela izaten dela halako adierazpenak egitea, baina krisi pertsonal baten ondorioz, tartean bere buruaz beste egiteko bidean egon zen, aurrera egitea erabaki zuen eta publikoki adierazi bere egoera.
Urte hauetan hainbat sari lortu ditu Nigelek, besteak beste Munduko epaile onenaren saria 2015. urtean, Britaniar Inperioko Ordeneko kidea 2016. urtean. Datorren ekainean Nigelek 50 urte beteko ditu, eta nazioarteko mailan epaile lanak uztea erabaki duen arren, oraindik Pro 14ko partidak eta Galeseko liga txikietan jarraitzeko asmoa du. Bejondeizula Nigel Owens zelai barruan zein kanpoan eredugarria izategatik! Eta bide batez aintzat hartu epaileek egiten duten lan eskerga.