Gurean lurra jo ezkero, ia urtebete eman dugu eskola kirola bideratzeko aukerarik gabe. Martxoaren 14an etendu ziren partida zein lehiaketa guztiak, eta geroztik, ia urte osoa eman dugu taldeak elkartu gabe. Egoerak ez zuelako bermatzen jokalarien oinarrizko osasun baldintza minimoak.
Hasiera batean, kontu arina izango litzatekeela ematen bazuen ere, egunak joan egunak etorri argi zegoen egoera honetan luzaroan egongo ginela, eta ziurrenik uste genuen baino luzeagoa egin zaigu denoi geldiune hau.
Aurreko batean aipatu nuen kirola egitea denontzat onuragarria bada ere, batez ere umeek zein nerabeek kirola egitea ezinbestekoa dutela. Aditu guztiak ados daude azpimarratzean kirolaren bitartez gorputza zaindu eta garatu egiten dugula, batez ere bizitzaren hasierako urte horietan, gorputza garatzen den heinean, indarra, oreka, abiadura, koordinazioa etab…bideratzen ditugulako. Baina batez ere halako egoera berezia pairatzen dugunean, etxean konfinaturik, gertuko harremanak etendu egiten direla, ukitzea, ebatzea, besarkatzea… oztopatzen denean denon onurako, oso egoera gogorra bilakatzen da batez ere gazteenentzat.
Errugbian kontaktua, modu batean edo bestean ezinbestekoa da, eta horrek ekarri du DRTk zorroztasunez jokatzea, agian legeak edo araudiak markatzen duten haratago. Baina argi izan behar dugu, egoera larrian gaudela eta hilabeteak aurrera joan ahala COVID 19aren inguruko ezagutza handitzen joan garela, gure jarduna errealitate berri honetara egokituz.
Dagoeneko martxan dugu asteazken zein ostiraletako jardunak. Errugbi eskola berriro martxan dugu, momentuz entrenamenduetara mugatuta, eta hain famatuak bihurtu zaizkigun “burbuilak” zainduz. Noiz izango da posible topaketak edo partidak bideratzea? batek daki, denborak esango digu.
Argi dago gure gazteek zelaira bueltatzeko gogo itzelak izan dituztela, baloiarekin gozatzeko, korrika egiteko, baina batez ere beste taldekideekin egon ahal izateko, gizarteratze edo sozializazio prozesua sustatzeko. Errugbia talde kirola da, taldekideak, lagunak beharrezkoak dira, batek bakarrik ezin dezake ezer egin. Hor dugu errugbiaren indarra, denok lekua dutela, taldeak aniztasuna bultzatu eta horren beharra duelako.
Beraz esperientzia berriak izan nahi badituzue hurbildu Arripausuetara, Mar, Jon edo Davidek, eskolako arduradunek, bero bai bero hartuko zaituzte. Animatu zaitezte, merezi du eta.