Hirugarren denboraren xarma

Badira errugbyan kontu batzuk beste kirolekin alderatuz bitxia egiten dutena, baloiaren itxura berezia, zelai barruan dagoen jokalarien kopurua edo beti atzera pasatu behar izana, baina badago errugby munduan jarduera zabaldua baina aldi berean ezezaguna: hirugarren denboraz ari naiz.

Maila eta adin guztietan burutzen den ohitura dugu. Klub eta talde bakoitzean modu ezberdinean bideratu arren helburu berberarekin bideratzen dena: talde bien arteko adiskidetza bultzatzea.

Partidak bi zati edo denbora baditu ere, ezagunena hirugarren denbora edo partidaosteko jarduera da. Gazte mailetan otartekoa edo fruta apur bat izaten da ohikoena, batzuetan makarroiak, eta hotz handia egiten duenean txokolate beroa bizkotxoekin.

Nagusien norgehiagokoetan dutxa hartu ondoren talde biak elkartzen dira eta garagardo batzuekin batera jateko zerbait egoten da, etxeko taldearen tabernan edo txokoan. Hor hasten da hirugarren denboraren aurreneko zatia, gero talde bakoitzak luzatzen du hirugarren denbora nahieran, eta horiek izaten dira arriskutsuenak. Nire ibilbidean aipatuko nituzke Gernikarrek Urbieta zelaian zein Hernanikoek Landaren duten txokoan eskaintzen ziguten hirugarren denbora potenteak, gero sarritan aprobetxatzen genuen autobusa Hernani inguruko sagardotegi batera joateko.

Hirugarren denbora horietan aukera izaten zenuen beste ekipokoekin hitz egiteko, jokaldiren bat komentatzeko eta askotan lagunak egiteko. Horietako askorekin gaur egun elkartzen gara beterano partidetan, urte gehiagorekin eta abiadura gutxiagorekin.

Bertan ere hirugarren denbora potenteak izaten dira, etxekoek poteoa zein afaria antolatzeko ardura hartzen baitute, antzinako sasoiak gogoratzeko.

Nire ibilbidean bitxikeria ugari bizi izan ditut, baina gehienak taldean gordetzen ditut badaezpada, hala ere bi aipatuko ditut. Klubaren hasierako urteetan ingeles batzuk etorri ziren, eta guk harrera egin genien gure tabernan, pintxoak eta garagardoa hain zuzen ere. Amaitu ostean gero hurrengo tabernara joan ginenean, Anboto tabernara hain zuzen ere, barran zeuden pintxo guztiak jan zituzten harreraren jarraipena zelakoaren ustetan. Martxundiren arpegia, ikustekoa zen barra hutsik ikusi zuenean. Hurrengo tabernetan ere britaniarrek basati hutsak direla erakutsi ziguten, baina hori beste egun baterako utziko dut.

Bigarren bat Irunean beteranoekin gertatu zitzaigun, partida ondoren pote batzuk hartu genituen alde zaharretik, eta La Unicakoen txokora bueltatu ginenean afaltzeko basurdea jarri ziguten, imajina ezazue bueltako bidaia autobusean, benetan mortala, batez ere Urkiolatik Mañarirako bihurgunetan.

Ea behingoz COVIDak sortutako egoera normaltzen den, bere onera bueltatzen garen eta talde guztiek partidak jokatu zein hirugarren denbora egiteko aukera duten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!