Kirol profesionalak hasiera hasieratik bideratu zituen bere eginkizunak. Talde gehienek beraienaurrekontuak orekatu behar zituzten modu batean edo bestean, eta ikusleen edo zaletuen falta, telebistarekin ordezkatu zuten, gaur egun beraien sosa gehienak hortik datozelako. Baliabideak zituzten, eta askoren harridurako arriskuan zeuden pertsona arruntak probetarako baliabide minimoak izan ez arren, goi-mailako jokalariek eskura zituzten PCRak, test arinak...
Arlo profesionala alde batera utziz, ardura bereziaz hartzen dut gainerako kirolarien ibilbidea, eta batez ere eskola kirola zein gazte mailako kirolarien egoera. Orokorrean hartuta martxoaren 13tik geroztik talde gutxik izan dute beraien jarduna indarrean mantentzeko aukera. Dagoeneko 7 hilabete pasa dira, ziurrenik askoren kasuan geldi pasa duten epealdirik luzeena beraien gustuko kirolean aritu barik.
Adituen ustez, kirola egitea ona eta osasuntsua da, nire aburuz osasuntsua izateaz gain ezinbestekoa da gizakiaren garapenerako. Kirolaren bitartez gorputza zaindu eta garatzeaz gain, beste hainbat arlo sustatu eta indartzen dira.
Talde kontzientzia litzateke horietako bat, talde baten partaide zarela sentitu, gaur egun sozializazio hitzarekin izendatzen duguna. Barneratzea bakarrik arin joan zaitezkeela baina urrutira heldu nahi baduzu lagunduta joatea egokiagoa dela, azken finean bidelagunduta sentitzea.
Aniztasuna, denon beharra dagoela, eta taldekide guztiek osotasunari zer eman badutela, gaitasunak anitzak direla, eta aipatutako osotasun hori, taldea kasurako elikatu eta indartzen dutela kide orok.
Balioak, eta honekin lotuta irabazi eta galtzearen dikotomiaren aurrean izan beharreko jarrera, aurkariarekin beti izan beharreko errespetua. Baten irabazteko askotan galdu behar dela, irabazten zein galtzen jakitearen garrantzia, beti ahalmen guztia zelaian jarriz.
Hau dena esanda, argi daukat ezinbestekoa dela formulak bilatzea gure ume, nerabe eta gazteek kirola egin dezaten, batez ere taldekako kiroletan, horiek baitira beraien heziketa prozesuaren arlo garrantzitsua, osagarria baina dudarik gabe beharrezkoa. Era berean, kirola ihes-balbula bat izan daiteke gazte askorentzat, pairatzen ari garen egoera larri honi aurre egiteko. Barruko ezinegona, zalantzak edo beldurrak askatu ahal izateko.
Nik bi nerabe ditut etxean, eta talde kirolean martxan noiz hasiko diren zain daude, beharra dute, eta beraien moduan milaka gazte egoera berean daude. Osasun neurriak zaindu eta errespetatu behar direla argi daukat eta ados nago horrekin, baina eskaera bat daukat agintzen dutenentzat, orain arte uste dut ume, nerabe eta gazteak izan direla gehien ahaztu ditugunak, neurri ugari hartu dira egoera honi irtenbidea emateko (osasunean, ekonomian, gizartean…) baina gehienetan gazteenak ahaztu ditugu. Beraz, mesedez, ahal den lasterren bideratu eta har ditzagun neurriak egoera honi konponbidea emateko, gure gizartearen zati handi batek behar duelako.