Nelsonek helburu bat zuen: herria egitea, non hegoafrikar guztiek bere lekua izango zuten, larruazalaren kolorea edo kolorea kontutan hartu gabe. Horregatik lehendakaritza eskuratu zuenean, gainerako partidu guztiak gonbidatu zituen Gobernukide izatera.
Urte bete geroago, 1995ean, Hegoafrikari egokitu zitzaion Errugby Mundiala antolatzea. Springbok delakoa, zurien nagusitasunaren ikurrik ezagunena zen herrialde hartan. Jokalari guztiak zuriak ziren, bat izan ezik: Chester Wiliams. Eta hori gutxi balitz, afrikarrak ez ziren ordezkatuak sentitzen, Chester apartheid armadan soldadu izan zelako.
Giroa ikusirik, edozein pertsonak halako kirol jardueran ñabardura sozialak eta arriskuak bakarrik ikusiko lituzke, baina Mandelak herria batzeko aukera bat ikusi zuen errugbian. Berak buruan bi helburu izan zituen: gehiengo beltza konbentzitzea Springboktarrek hegoafrikar guztiak ordezkatzen zituztela eta denon betebeharra zela beraiek babestea eta animatzea; eta bestetik zuriak konbentzitzea, Mandelak ez zuela mendekua bilatzen, eta guztien alde gobernatu nahi zuela, zuriak eta beltzak berdintasunean.
Hori lortzeko kanpaina sutsua egin zuen, agerraldi publikoetan Springboktarren txapela askotan erabiliz. Hasieran, bere jarraitzaileek ez zuten ondo ikusi ezta ulertu ere ez, beltzek errugbia eta beraien selekzioa gorroto zuten, zauri sakonak baitzeuden oraindik. Baina Nelsonek behin eta berriro aldarrikatzen zuen mezu berdina, “hau da gure taldea eta harrotasunez hitz egin beharko genuke beraietaz”.
Bide batez, presidenteak Springbotarren kapitaina, Francois Pienaar, konbentzitzea lortu zuen, eta bere aliaturik preziatuena izan zen ibilbide honetan. Pienaar-ek bere taldekideek berarekin bat egin zezaten lortu zuen, eta sarritan agertzen ziren beltzen herrixketan errugbiaren dohainak erakutsiz, baina batez ere aro berrian zeudela zabalduz, Mandelak deituriko “Hegoafrika Berria”.
Mundiala martxan jarri zen, eta anfitrioek sekulako lana eginez finalera iristea lortu zuten. Finalerako Mandelak elastiko berdea jarri zuen, ikusleen harridurako, gehiengo handi bat zuria zelako, baina keinu horrek jendea batzea lortu zuen. Aurkari moduan “All Blacks” taldea zuten, Zeelanda Berrikoak genituen faborito nagusiak, baina arauzko 80. minutura helduta markagailuak berdinketa erakusten zuen.
Aurreneko aldiz finalak luzapena izan zuen, non etxekoak nagusitu ziren, eta Nelson Mandelak Francois Pienaar-i eman zion Munduko txapeldunen kopa. Une horretan elkarrizketa txiki bat egon zen bi lagunen artean, lekuko batzuk esaten dute Mandelak kapitainari esan ziola: “Eskerrik asko, Francois, gure herriarengatik egin duzunagatik”, eta kapitainaren erantzuna “Ez, presidente jauna, eskerrik asko gure herriaren alde egin duzunagatik”.
Istorio honen inguruan zehaztasun gehiago jakin nahi baduzue John Carlinen “Human Factor” liburuan duzue, merezi du benetan, irakurgai interesgarria izan daiteke uda honetarako.