Mundialaren zain

Irailaren 20an emango zaio hasiera Errugbi Mundialari. IX. edizioa izango da eta Japonian  jokatuko da. Lau urte pasatu dira Zeelanda Berriak bere hirugarren txapelketa eskuratu zuenetik, eta gauzak asko aldatu diren arren, All Blacksak ditugu faborito nagusi berriz ere.

Gauzak asko aldatu dira nire aburuz, eta azaltzen saiatuko naiz. Alde batetik ematen du Hego Hemisferio eta Ipar Hemisferioko taldeen arteko aldea laburtu dela. Lau urte hauetan Zeelanda Berriko jokalariek zailtasunak izan dituzte europarrak garaitzeko, eta horren lekuko iaz Irlandarren kontra izandako porrota. Honetaz gain, Galestarrak lortu dute World Rugby sailkapenean lehenengo postua eskuratzea aspaldiko partez, zeelandarren nagusitasuna zalantzan jarriz. Aurten sei nazioetako txapelketa irabazi dute, joko ederra eta sendoa erakutsiz, baina Gareth Anscombe joko zabaltzailearen baja garrantzitsua izango dute. 

Aldi berean, , aurreko Mundialean etxean jokatu arren, porrot galanta izan zuen Ingalaterrak, bloke sendoa osatzen joan da, aurrelari indartsuak ditu, Owen Farrell kapitaina sekulako maila erakusten ari da azken aldian, eta atzelari bizkorrak eta ausartak ditu. Aurreko larunbatean Irlandari emandako jipoiaren ostean,kontutan hartzeko taldea dugu.

Irlandak 2018. urtean sekulako irudia eman zuen, All Blacks mendean hartuz, baina ematen du azken aldian maila apur bat jaitsi duela, hala ere, talde sendoa, gogorra eta eskarmentu handikoa dugu, baina larunbatean Londonen jasotako jipoiak zalantzak sortu ditu. Ezkutuan ditugu Frantzia zein Eskozia. Frantziarrek , aspaldiko partez ez dute beraietaz espero den mailarik ematen, baina  edozeini ezustekoa eman diezaiokete, Eskoziak aldiz gora egin du azken lau urte hauetan eta joko ikusgarria erakusten ari da, nahiz eta batzuetan emaitzak lagundu ez, hor goian egon daitekela uste dut..

Hego hemisferioan Hego Afrika dugu The Rugby Championshipen azken garailea gainerako hiru taldeak mendean hartuz. Sasoi onean direla ematen du, taldean eskarmentu handiko jokalariak eta gazteak uztartu dituzte eta hor goian egongo direla ziur nago. Wallabiak zalantzaz beteriko taldea dugu. Bi asteko tartean All Blacksak menderatzeko gai izan ziren, hori bai ABak zati handi bat jokalari bat gutxiagorekin aritu ziren, baina azken partidan sekulako jipoia jaso zuten Eden Parken 36-0. Beraz gora behera handiak dituen taldea australiarra.

Bukatzeko, Pumatarrak ditugu. Asko hasi dira azken urteetan, Jaguarren izeneko franzkizia zein selekzioa bezala. Mario Ledesmak emandako azken zerrendak zurrumurruak sortu ditu, hala ere, azken txapelketetan beti onenen artean izan dira, eta etsai oso arriskutsua izango da edozeinentzat.

Aurreko guztia esanda, nik oraindik Zeelanda Berrikoak ikusten ditut faborito bezala. Eskarmentu handiko entrenatzailea dute, Hansen azeri zaharra, jokalari trebeak, indartsuak, izaera handikoak, baina batez ere taldea dira eta harrotasunez defendatzen dute kamiseta beltza. Irabazi edo ez ikuskizun ederra erakutsiko dute. Goza ezazue iraila zein urrian zehar, merezi du eta!!  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!