Derbia aspaldiko partez

Hasi aurretik, Elorrio Rugby Taldea zoriondu nahi dut lortutako igoeragatik.

Gaztetasunak askotan talde bat eraldatzeko gaitasuna erakusten du, eta adibide garbiena aurten Elorriori gertatu zaiona litzateke. Urte batzuk pasa ditu hor nonbait apur bat indarra galduta, baina belaunaldi indartsu eta gazte batek taldea biziberritu du.

Denboraldi bikaina burutu dute, joko arina eta indartsua erakutsiz, nahiz eta taldekide asko eskarmentu bako jokalariak izan maila honetan, baina ilusio itzelarekin, gogoekin baina batez ere 18-19 urte izatearen abantailekin, beste ikutua eman diote taldeari, Euskal Ligara igoera lortuz, eta eskarmentu handiko taldeak bidean utziz.

Hasierako Fasean partida guztiak irabazita, eta bigarren fasean, goiko mailara igoteko txartela ematen zuen horretan, sei partidatik bost irabaziz.

Beste muturrean Durango Rugby Taldearen kasua daukagu. Ohorezko B mailan 16 urte eman ondoren aurten mailaz jaitsi egin dira. Ez da bapateko kontu bat izan, azken urteetan gorriak ikusi dituzte mailari eusteko baina aurten ezinezkoa gertatu zaie.

Zergatik? Alde batetik elorriarrek arrakasta lortu duten ezaugarri berdinagatik, hau da, gaztetasuna. Gutxitan ezaugarri berdinak izanda, emaitzak hain kontrajarriak dira. Ohorezko B mailan, talde askok eskarmentu handiko jokalariak dituzte, eta horretaz gain horietako askok atzerritik etorritakoak dira, eta ibilbide luzeko jokalariak. Aldea hain handia izanik, durangarrei ezinezkoa izan zaie talde hauei aurre egitea.

Jaitsiera porrota moduan har daiteke, eta batzuk horrela ikusiko dute, nik aldiz aukera handia izan daitekela uste dut, eskarmentua hartzen joateko eta etorkizunean beste erronka batzuei aurre egiteko.

Argi dagoena da 2019-20 denboraldian gutxienez bi derby izango ditugula eskualdean, talde biek oso jokalari gazteak dituzte , eta gainera horietako askok batera jokatu dute gazte mailetan  hainbat urtetan talde berdina osatuz, iaz sub 18an Euskadiko azpitxapeldunak izandakoak, beraz dudarik gabe, gauzak pil-pilean egongo dira norgehiagoka horietan.

Bejondeiela talde biei, eta harrobia lantzen jarraitu dezatela, etorkizuna bertan dago eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!