Beti aurrera begira

Aurreko astean DRTk agur esan zion errugbiko Ohorezko B Mailari. Hainbat urte dira maila horretan eman dituztenak, txarto ez banabil 15 urte. Une honetan maila honetan urte gehien daraman taldea dugu DRT.

Ibilbide honetan tarte gazi zein gozo ugari egon dira. Gaziak, batez ere, azken urteak, beti hortxe mugan jaitsiera saihesteko, baina une oro aurpegia emanez, eta azken momentura arte borrokatuz. Tarte gozo eta oso gozoak ere bizi izan ditugu, batez ere denboraldi zoragarri hura Ines Etxegibelen ardurapean, non Ohorezko A mailarako Igoera Fasea jokatzeko aukera ia gauzatu zuten, sekulako jokoa erakutsiz.

Aurten, errealitatea gordina bihurtu zaigu, eta hasierako partidatik argi zegoen DRT hautagai argia zela maila galtzeko. Hala ere, maila galtze hau porrot moduan har dezakegu? Nik argi daukat ezetz. Zergatik?

DRTaren hautua beti etxekoekin jokatzea izan delako. Atzerritik jokalariren bat izan dute beraien ibilbidean, baina argi izan dute senior taldea harrobitik elikatu behar zela eta behar dela. Hortxe dago nire aburuz talde honek duen indarretako bat, hau da, errugbi eskolan hasi eta hezitako umeek aurrera egiten badute, etorkizunean goiko taldean jokatzeko aukera izango dutela.  Egun, senior taldeko jokalarien %90 harrobitik datoz, klubaren beheko mailetan aritu baitira.

Eta orain zer? Lanean jarraitzea besterik ez dago. Lanaren ordaina izaten dira garaipenak, beraz, hurrengo urteetan talde indartsua osatzen joan beharko dira, eskarmentua hartu, eta berriz ere merezi duten mailara igo ahal izateko. Guk helburua lortu genuen, beraiek zergatik ez? Gora DRT!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!