Ekainaren bigarren astean gaude, lehiaketa gehienak bukatuta daude, eta esperotako karanbola hura gauzatu da. Bakarrik falta zaigu zehaztea nor izan dute aurrean Durangoko rugbilariek. Biak ezagunak ditugu, hainbat urtetan aurkari izan dituztelako Ohorezko B maila honetan.
Alde batetik, VRAC Quesos Entrepinares taldea dugu. Aurten Ohorezko Mailako txapeldun izandako taldearen filiala. Talde gaztea, agian eskarmentu gutxikoa, baina kalitate handia duena. Bidean Bilbo-Universitario Rugby eta Garabi Ordizia utzi ditu kanpoan.
Bestetik, Avileseko Os Belenos taldea, bere ibilbidean RC Ferrol eta Iruñeko La Unica taldeak hartu ditu mendean. Eskarmentu gehiagoko taldea da, etxean indartsua eta kanpoko partidetan apur bat errendimendua jaisten duena. Jokalari atzerritar batzuk ditu.
Aurreko larunbatean jokatutako norgehiagokan Valladolidekoek lortu zuten garaipena, baina lehenengo zatiaren amaieran asturiarrak zihoazen aurretik markagailuan, 6-18.
Nor izan daiteke aurkari errazena? Halako egoeretan ez da aurkari errazik egoten! Talde bakoitzak bere dohainak ditu, eta, egia esan, berdin dio bata zein bestea egokitzea durangarrek dakitena egiten erakusteko gai badira. Hor dago nire ustez gakoa: sinestea.
Liga amaitu zenetik torneo, lehiaketa eta lagun artekoak jokatu behar izan ditu DRTk. Baina une erabakiorra heldu zaie, bi final dituzte aurretik mailari eusteko. Larunbatean jakingo dugu noren kontra. Ekainaren 16an eta 23an jokatuko dituzte partidak, lehenengoa kanpoan, bigarrena Durangon. Zortea izan dezazuela. Gora DRT!