DRTk 30 urte bete ditu

Michael J. Foxek “Back to the future” filmean egiten duen moduan, 1986. urtera bueltatzeko aukera izango bagenu, ia inork ere ez zuen pentsatuko Durangoko gazte batzuei errugbi kluba sortzea bururatu zitzaienean hain ibilbide oparoa izango zutela.

Dagoeneko 30 urte bete dira, eta hasierako une horietan gazte ausarta horiek zituzten ondasun guztiak 1.500 pezeta eta errugbi baloi bakarra ziren. Horren aldean, ilusioa, gogoak eta batez ere sekulako indarra, eta hori esker kluba zabaltzea, oinarri sendoekin eraikitzea eta durangarren babesa izatea lortu izan dute hasiera hasieratik.

Arriandiko zelaia, Montequemadoko landak, Tabirako parkea, igerilekuak, toki guztiak ziren baliogarriak entrenamenduak egin ahal izateko. Jokatzeko ere hainbat zelai izan genituen, Derioko seminarioa, Garaizar, Berriz eta Iurreta besteak beste.

Udaletxean jo eta ke borrokatu ondoren, azkenean Arripausuetako zelaia eraikitzea lortu genuen. Hasieran areazkoa zen, “Landakoko Infernua” ezizenez ezaguna. Geroago belar artifiziala jarri zuten, batez ere guraso askoren poztasunerako. Zenbat ikuzgailu hondatu ziren trantsizio horretan!!

Hasierako senior taldearen ostean kadeteak eta jubenilak etorri ziren. Ondoren neskak, sekulako belaunaldia, Euskadiko txapelketa irabazi eta Espainiako txapelketarako sailkatu zena.Ondoren, errugbi eskolaren sorrerarekin umeen artean errugbia hedatzea lortu genuen eta horrekin batera eskolatik pasatutako lehen belaunaldia lehen taldera heldu zen.

Helburu berdinak, baina errealitate ezberdinak. Pausuz pausu, urratsez urrats, baina iparorratza beti argia. Inguruko talde askok atzerritar ugari fitxatzen zituztenean, ez ginen erotu eta harrobiaren esku jarri genuen klubaren etorkizuna eta hor daude emaitzak.

Seniorrak Ohorezko B mailan, neskak Zornotza eta Uribealdea taldeekin trantsizioa unea bideratzen. Eskolan 6 eta 14 urte bitarteko inoiz baino ume gehiago. 30 urte hauetan ehundaka pertsona pasa dira klubetik, ibilbide labur edo luzearekin, baina beti DRTa bere lekuan uzteko prest.

Denen zerrenda egingo banu astekari osoa beharko nuke horretarako, beraz nik bi gogoratu nahiko nituzke, nigan eragin handia izan dutelako, bata aspaldi joan zitzaigun “Perry” izenekoa, bestea Getxotik etorri arren nigan eragin handia utzi zuena, “Ortzi” jauna.

Maiatzaren 27an 30 urte hauek ospatzeko jaia izango dugu egun osoan zehar, gurekin Hernani taldea izango dugu, eta gauean jai erraldoia Landakoko erakustazokan. Zorionak DRT!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!