Anoetatik San Mamesera

Agian, norbaitek izenburua irakurtzerakoan oraingoan futbolaz hitz egin behar nuela uste izan du, baina ez , errugbiaz ari naiz, nahiz eta futbol zelai ezagunak aipatu.

Zer ezkutatzen da izenburuaren ostean? Bilboko udalak, European Professional Rugby Club elkarteari 2018ko finalak Bilbon ospatzea eskatu diola. Hala ere, aipatu beharra dago Bilbok aurkari gogorrak izango dituela bidean, besteak beste Cardiff, Galeseko hiriburuak 75.000 ikusle jaso dezakeen Millenium Stadiumekin, eta Newcastle hiria, non Ingalaterrako talderik indartsuenetarikoak jokatzen duen: Newcastle Falcons hain zuzen ere.

 

Errugbi arloan, beste kirol askotan bezala, Europan mailan kluben arteko bi txapelketa nagusi daude, alde batetik Champions Cup delakoa, futboleko Champions League antzerakoa litzateke, eta bertan kontinenteko talderik indartsuenak hartzen dute parte, (Saracens, Racing 92, Toulon, Munster, Leinster, Leicester, Toulose etab…) eta bestetik Challenge Cup, futbol arloko Europa Leagueren antzerakoa.

 

Zein berezitasun dauka errugbiak? txapelketako bi finalak egoitza edo toki berean jokatzen direla, hau da Bilbo suertatuz gero, 2018ko final biak Bizkaiko hiriburuan ikusteko parada izango genuke, San Mames zelaian, hain zuzen ere, eta ziurrenik maiatzaren bigarren asteburuan.

 

Horrela suertatuko balitz, errugbia maite dugunontzat sekulako berria litzateke, asteburu berdinean Europako talde indartsuenak ikusteko aukera izango genukeelako.

Izenburuan aipatu dudan bezala, azken urteetan Anoetak askotan jaso ditu maila goreneko partidak, Champions Cup delakoak zein Top 14koak, batez ere, Miarritz Olimpique eta Baionaren urrezko sasoian, harmailak bete beterik egoten ziren.

 

Iazko finalak Lyon Olympiqueko Stadium berrian jokatu ziren, eta partida bietan sarrerak agortu ziren, 58.000 ikusle inguru batuz partidak ikustera.

 

Kirol mailan ezezik, ekonomia arloan sekulako onurak dakartza halako ekitaldi bat antolatzeak, adibidez iazko  finalean Lyoneko hiriak hainbat bisitari jaso zituen, eta adituen arabera 20 milioi euroko onurak ekarri zituen hirirarentzat (ostatuak, dendak, tabernak etab…).

 

Orain, European Professional Rugby Clubeko arduradunek dute hitza, epe laburrean Bilbora etorriko baitira hiriaren eta lurraldearen azpiegiturak aztertzera (ostatuak, garraiobideak, zelaia,  etab…), eta horren arabera erabakiko dute datorren urteko egoitza eta antolatzaileen izena. Nire eskaera, Bilbo aukeratu dezaten, bertoko errubi zaleen gozamenerako!!

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.