Eskualdean badira hainbat talde, eta kirol ezberdinetan, harrobia landu eta sustatu egiten dutenak, badira muturrekoak ere, baina kasu honetan errugbiaren inguruan arituko naiz.
Badira urte batzuk DRTn errugbi eskola sortzeko beharra antzeman zela. Hastapen gogorraren ondoren, belaunaldi oparoa izan zuen klubak, eta gazteenekin lantzeko premia aurreikusi zen, kluba sendotzeko bidean.
Sasoiak aldatuz joan dira, azken 20 urteetan umeen kopurua nabarmenki jaitsi da, horrekin batera kirol berriak beraien esparrua hartzen joan dira, eta batzuetan zaila izan da 15-20 gazte biltzea errugbian aritu daitezen. Horren ondorioz, Durangok eta Elorriok, nire ustetan erabaki zuzena hartuz, beraien indarrak batzea erabaki zuten.
Azken lau bost urteetan, berriz ere, errugbi eskoletan gorakada nabaria izan dugu. Familia ugari hurbiltzen zaizkigu beraien umeekin. Beraien ahotan hainbat balio daude, eta nik batzuk azpimarratuko ditut.
Errespetua: jokalariei, txiki txikitatik errespetua zaindu behar dutela esaten diegu. Esan eta izan, hau da, nagusiok eredu izan behar dugu. Errespetua kide, entrenatzaile, aurkari eta epaileekin.
Hezkidetza: kontaktua askotan dagoen arren, neska-mutilek elkarrekin jokatzen dute, denak dira jokalariak.
Ondo pasatzea: heziketa eta hazkunde prozesuan daude, eta garrantzitsuena ez da irabaztea.
Harrotasuna: ez dut harrokeria esan nahi. Harro gaude klub baten kide garelako, herri bat edo eskualde bat ordezkatzen dugulako.
Errugbi eskolaren helburua irakastea da, etorkizunari begira irakastea. Horregatik ezinbestekoa da harrobia zaintzea, harrobia bultzatzea, aipatutako balio horiek galtzen ari direlako. Gero jokalari nagusiak direnean, zortea alde badute, eta gaitasuna badute, agian kluba ordezkatu dute goiko mailetan, baina horrela ez bada, eta errugbia gustukoa badute, zelaian egongo dira eta ziurrenik erakutsiko dute jarrera, ezberdina izango da, txikitan ikasitako baloreengatik gertu, masa kritikoa osatuz.
Ziur nago harrobia lantzen duten klubek etorkizun oparoa dutela, duda barik, eta uste dut horregatik ditugula hainbeste ume errugbi eskolan.