Egokitu zaigun gizarte honetan ematen du derrigorrezkoa dela irabaztea. Epe laburrak jartzen baititugu, momentukoak. Hutsegiteak, porrotak ez ditugu ontzat hartzen, eta horrek erakunde, talde eta familia askorengan sekulako ezinegona sortzen du. Ematen du, beti irabazi behar dela, beti lehengoa izan behar bestela ez du merezi egindako ahalegina edo esfortzua. Onak direnek bakarrik dute lekua. Egiteko joera honek, ingurukoak, batez ere gazteenak, babestera garamatza, beraien hutsuneak edo gabeziak ezkutatuz.
Badago beste joera bat, agian ez hain hedatua, non hutsegiteak, porrotak edo gabeziak aukera moduan ikusten diren. Hutsegiteak eta porrotek ondo aztertuz gero, bide egokia ondo aukeratzeko abagunea erakutsi diezagukete.
Gaitasunetan zentratuz, bigarren joera honek denok gaitasunak ditugula azpimarratzeaz gain, garapenean jartzen du indarra. Lana eta esfortzuak ekar lezake norberaren zein taldetako gaitasun eta trebezia ezberdinak garatzea. Muga epe ertain edo luzean jartzen da. Agian une honetan hain ona ez dena, garapen prozesua beste erritmo batean daramalako, etorkizunean sekulakoak izan ditzake.
Kirolean, ni bigarren bide honen aldekoa naiz. Irabazteko aurretik hainbat aldiz galdu egin behar dugu. Alde batetik garaipena hobeto dastatzeko, eta bestetik irabazle ona izateko aurretik galtzaile izan behar delako. Orokorrean, askotan galdu duenak, balio handiagoa ematen diolako garaipenari, eta errespetu handiz jokatzen du aurkariarekin.