Gainera ez da izan edozelako txapelduna, ez horixe. Partidu guztiak irabazi dituzte! tartean Calcuta Cup eta Grand Slama eskuratuz, gainera aipatu behar da 2011. urtean lortu zutela azken garaipena. Nola alda daiteke talde baten itxura errotik sei hilabetetan? Nola izan daiteke hasierako fasean kanpoan geratu zen taldea handik gutxira txapelduna izatea?
Eddie Jones australiarrak konfidantza eman dio taldeari, hori argi dago. Beraiek antolatutako Mundialak antsietate itzela sortu zuen ingelesen artean, irabaztera edo gutxienez maila ona ematera behartuta zeuden eta behar horrek kale ederra egitea eragin zuen. Askotan burua ez doanean hankek ere ez dute aurrera egiten, eta hori gertatu zitzaien. Jonesek taldea berriztu du, jakinean bera dela larrosaren XVa entrenatzen duen lehen atzerritarra historian zehar.
Beste aldetik, galestarrak hor egon dira azken momentu arte, Ingalaterraren aurkako partidan garaipena gertu izan zuten, baina aurtengo egutegia gogorregia izan da beraientzat. Irlandarren eta ingelesen aurka etxetik kanpo jokatzeak ez die mesede handirik egin, hala ere, maila eman dutela esan daiteke. Irlandak lesio ugari izan ditu, eta intentsitate honetako txapelketa batean ondorio latzak izaten ditu oinarrizko jokalarien falta. Frantziak oraindik noraezean jarraitzen du, joko eredu barik, jokalari onak ditu, baina bakoitzak bere aldetik egiten du aurrera, eta horrela oso zaila da halako txapelketa irabaztea.
Bukatu aurretik Eskoziak erakutsitako maila azpimarratu nahiko nuke. Azken urteetan joko apala eta indar falta izan duen taldeak, badirudi goranzko joera hartzen ari dela, eta hurrengo urteetan goiko postuetan egon daitekeela. Jokalari gazteak ditu, indartsuak eta biziak, errugbiak eskertuko luke!!