Mundialaren ajeak

Iaz, Britainia Handian, ospatutako errugbi Mundialak aje ederrak utzi zituen ipar hemisferioko taldeen artean. Inork ez zuen finalerdietan sartzerik lortu, eta antolatzaileen kasuan, Ingalaterra, porrota itzela izan zen, hasierako fasean txapelketatik kanpo geratu baitziren etxekoak.

Emaitza hauek aldaketa ugari ekarri zituzten, Ingalaterrak Lancaster entrenatzailea kanporatu eta bere ordez Eddie Jones jarri zuen aulkitxoan. Frantziak ere gauza bera egin zuen, Saint Andréren ordez Tolosarekin Europako txapelduna izandako Guy Noves taldearen gidaria izendatuz. Horiekin batera jokalari ugari selekzioa utzi eta haize berriak etorri dira batez ere Frantzian.

Aurreko larunbatean Sei Nazioko txapelketari hasiera eman zitzaion, eta aitortu beharra dugu, arestian  aipatutako talde biak garaipena lortu arren, Frantziak 23-21 mendean hartu zuen Italia, eta Ingalaterrak Eskozia 9-15, zalantza ugari erakutsi zituzten.

Frantzia azpitik joan zen ia partida osoa, eta amaieran eta txiripaz lortu zuen garaipena italiarren aurka. Jokalari ugarik egin zuten debuta, gehienak oso gazte dira, beraz Novesek lan handia du aurretik. Italiak oso itxura ona erakutsi zuen eta aurten ezustekoren bat emango duela uste dut.

Ingalaterrak Calcutta Cupa irabazi zion Eskoziari, baina ez zuen joko onik garatu Murrayfielden. Bi entsegu lortu zituen, baina lan handia eginbehar izan zuen karduaren taldea mendean hartzeko.

Igandean Dublineko Aviva Stadiumean izan genuen jardunaldi honetako partidarik onena eta ikusgarriena. Aurrez aurre azken bi txapeldunak izan genituen , Irlanda eta Gales.  Hirustaren indarra eta galestar herensugearen magia. Hasiera hasieratik etxekoen partidaren bila joan ziren eta aurretik jarri ere, 27. minuturako 13-0 aurretik. Baina herensugea itzartu egin zen eta partidua gorri kolorea hartzen hasi zen.

Meleetan nagusitzen hasi ziren, eta gero baloia zabaltzen zuten bakoitzean abiadura jartzea lortzen zuten. Amaiera 13-13 Dublineko markagailuan, eta talde biek erakutsi zuten txapelketarako faborito nagusienak beraiek direla dudarik gabe, jokoa, jarrera eta indarragatik.

Bata edo bestearen alde egin beharko banu, galestarrek aukera gehiago dituzte, etxean hiru partida jokatu behar dituzte Eskozia, Frantzia eta Italiaren aurka, aldiz partida bakarra etxetik kanpo, Ingalaterraren kontra. Asmatzen ez badut ere, ikuskizun ederrak izan  ditugu hurrengoko asteburuetan, goza dezazue!!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!