Goierritarrek itxaropen handia zuten, baina erregulartasun faltak playoffetatik kanpo utzi ditu. Gernikarrak, aldiz, zalantza ugarirekin hasi ziren arren, konfiantza hartzen joan ziren, eta azkenean playoffetara sailkatu ziren, beraz, denboraldi bikaina egin dute. Getxok eta Hernanik bazekiten mailari eustearekin lan handia izango zutela, eta azkenean lortu dute. Meritu handikoa hernaniarrena, ia denboraldi osoa jaitsiera postuetan egon ondoren.
Etxekoen ibilbideari errepasoa eginez gero, azpimarratu beharko genuke Ines Etxegibelen taldeak erakutsitako jokoa, gogoa eta, batez ere, jarrera. Durangarrak hasieratik aritu dira goiko postuetan, urratsez urrrats eginez. Partidak batailak izango balira bezala planifikatuz, batez ere defentsatik abiatuz. Urte ugaritan beheko postuetan ibili ondoren, aurten igoerako fasea jokatu dute. Sant Cugaten aurkako partidan azken minutuetako jokaldi hartan entsegua gauzatu izan balute, agian beste maila batean egongo lirateke, agian! Garrantzitsuena da ikusle ugari hurbildu direla Arripausuetara, betiko zaleak zein zale berriak, eta hori poztekoa da.
Nesken taldeari errepasotxoa eginez gero, nik esango nuke kimuak loratzen hasi direla. Hazten dagoen taldea dugu; orokorrean oso gaztea da, baina urte gutxi barru poztasun itzela ekar lezake.
Esanak esanda, oso baikor ikusten dut DRTren etorkizuna, beti ikusmiran baitute harrobia lantzearen erronka.