Hamar minutu lehenago heldu gara, eta han zeuden ume gehienak, partiduak jokatzeko prest. Autobusa zetorren bitartean, hor aritu dira jolasean, euskara hutsean.
Autobusa heldu zaigu, maletak sartu ditugu, eta bakoitzak bere lekua hartu du. Hizketan jarraitu dute, oraingoan ere euskara hutsean. 30 minutu autobusean eman ondoren, Gernikara heldu gara.
Arin batean aldageletara joan, aldatu, eta han genituen 10 urtez azpiko hogei neska-
mutil kamiseta urdin eta praka zuriekin. Beroketa egin, eta bi talde egin ditugu, bakoitzean hamar kide.
Lehenengo partidua Getxoren aurka izan da. Epaileak lan ederra egin du, jokalariek ere, eta oraingoan ere komunikaziorako euskara erabili dute. Bigarren partidua Gernikaren aurka izan dugu. Joko ederra erakutsi dute talde biek, azkenean ohiko pasabidea egin, eta umeen arteko animoak zein jokaldien inguruko elkarrizketak euskaraz izan dira. Epaileari eskua luzatu diot, eskerrak emanez, berak ere “eskerrik asko” erantzun dit.
Goiza hotz samarra izan da, baina neska-mutilak pozik doaz aldageletara. Handik laster ohiko ogitartekoa jaso, eta semeak galdetu dit: “Aita, gaur ondo jokatu dugu ezta?”. Jokatzeaz gain, euskaraz bizi daitekeela erakutsi didate, eta kirolak euskarari gazteen artean beharrezkoa duen bultzada eman diezaiokeela. Ametsa, agian…