Zaleen jarrera

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea) 2014ko abe. 12a, 08:30

Domu Santu egunean Londresera joan ginen anaia, semea eta ilobarekin, errugbi partida berezi bat ikustera: Barbarians vs Australia.


Partida berezia diot, Barbarians taldeko partaideak mundu osoko taldeen ordezkariak direlako, eta gutxitan jokatzen dutelako. Berezia ere, hautatzailea John Kirwan All Blacks jokalari ohia zelako, 90eko hamarkadako izar handia. Baina, batez ere, berezia semearekin eta ilobarekin gindoazelako.

Eszenatokia ere aparta genuen, Twickenham estadioa; berez 80.000 ikusletik gora sar daitezke, baina honako honetan 60.000 inguru hurbildu ginen ikuskizunaz gozatzera.

Jai giroa nagusi zela nabaritu genuen hasiera-hasieratik. Familia asko ikusleen artean.  Kolore anitzetako kamisetak, denak nahasturik; talde bateko edo besteko zalea izan zaitezke, baina elkartzen gaituena da garrantzitsuena, hau da, errugbia. Zeureak animatu, bultzatu. Jokaldi ederrak txalotu, gozatu, dastatu, eta egindako hutsak onartu.

Garrantzitsuena da epailearekiko sekulako errespetua izatea, zelai barruan zein kanpoan. Hartutako erabakiak onartu, eta egindako hutsak ulertu; jokalariekin egiten dugun moduan.

Irakaspen handia ekarri nuen nik bertatik, kirolean galdu edo irabaz daiteke, baina jarrera, errespetua ezin daiteke galdu, horrek egiten du errugbia hain handia izatea.

Hauxe dugu ereiten jarraitu beharrekoa, batez ere, hastapenetan; txiki-txikitatik hezi behar ditugu gure jokalariak, eurak izango baitira etorkizuneko jokalari eta zaleak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!