Denboraldi berria

Urtero bezala, denboraldi berria ate-joka daukagu. Berritasun ugarirekin datorkigu, gainera .

Lehenengo aldaketa taldeen osaketan dator. Ohorezko B Maila berregituratu dute. Lehen bi multzo zeuden hamar, taldez osatuta, egun, ordea, lau multzo izango ditugu, hamabi taldez osatuta. Horrek hainbat ondorio dakartza: batetik, gertutasuna, hau da, bidaiak ez dira hain luzeak izango, A Coruñako partidua kenduta. Bestetik, maila apalagoa izan daiteke, baina hori ikusteko dago. Eta, azkenik, hamabi talde egoteak lehiaketaren iraupena luzatzea dakar, iazkoarekin alderatuta, lau partidu gehiago jokatuko direlako.

Bigarren aldaketa gidaritzan daukagu. Peio Diezek bi urte eman ditu gure artean, eta bere ordez Durangora bueltatu den Ines Etxegibelek hartu du taldearen ardura. Bere lehenengo urratsak Durangon eman zituen, ondoren, Katalunia aldera joan zen, eta azken urteak Espainiako emakumezkoen entrenatzaile lanetan eman ditu Inesek. Fisa izango du laguntzaile.

Dirudienez, taldea indarberrituta daukagu: gazteak gogor datoz, eta beteranoak beraien onena emateko prest daude. Larunbatean dute aurreneko hitzordua Santanderren, Independienteren aurka; Ohorezko Mailan du lehen taldea, eta bigarren taldekoak gogotsu irtengo dira.

Itxaropen handiak ditugu durangarrengan, dakitena egiteko gai badira, une gozoak eskainiko dizkigute. Landakora hurbiltzea besterik ez daukazue!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!