18 urterekin egin zuen debuta Ingalaterrako selekzioarekin, debutarien artean gazteena izan zen. Bere lorpenen artean: Sei Nazioen Torneoko lau txapelketa.
Berak islatzen zuen jokalari totalaren irudia: hanka fina izan du betidanik, eta estilo berezia sortu zuen hagetara baloia jaurtitzeko unean; baloia eskuetan zuela beti bilatzen zuen zirrikituren bat aurkarien artean sartzeko. Defentsan ere, txikia izanik, gogotsu eta indartsu aritzen zen plakatzerakoan.
Zaleok beti gogoratuko dugu 2003ko Munduko Txapelketako finala. Australia eta Ingalaterra 80 minutuan jo eta ke aritu ondoren, luzapenera heldu ziren. Sidneyko Telstra Stadiumean zeuden 85.000 ikusleak zur eta lur geratu ziren, luzapeneko azken minutuan Jonnyk baloia eskuan hartu, eta droparen bitartez Ingalaterrari garaipena eman zionean. Urte hartan munduko jokalari onenaren saria eman zion IRBk (Munduko Errugbi Federazioak).
Azken denboraldietan ere sekulako maila erakutsi du. Amaiera borobila eman dio izar txikiak bere ibilbideari; agur eta ohore sir Jonny! Joko zabaltzaile lanetan aritu garenok beti gogoan izango zaitugu.