Brian O`Driscollen agurra

XXI. mende honetan, komunikabideei esker, goi mailako edozein kirolari ezaguna dugu. Txikitan, ordea, kromoak erosten genituen kirolariak ezagutzeko, eta sekulako errituala zen albumean itsastea, eta errepikatuta genituenak ahal genuen neurrian aldatzea.

 

Hala ere, baziren jokalari batzuk xarma berezia zituztenak, eta albumean itsatsi ondoren aldatzen ez genituenak, karpetan edota beste leku batean jartzeko. Sasoi haietan jokalari gehienek ez zuten gominarik ezta jantzi dotoreak janzten, bakan batzuk ematen zioten garrantzia kanpoko itxurari, benetan beraietaz erakartzen gintuena jokoa eta berezko dohaiak ziren.

Errugbiak ere aldaketa ugari jasan ditu, jokalari batzuk oso mediatikoak bihurtu dira, kasurik aipagarrienak Jonah Lomu eta Sebastien Chabal lirateke. Iragarki ikusgarrietan agertzeaz gain, bazuten ikuslegoarekin harremanetan jartzeko dohai bereziak. Indarra zen nagusi kasu bietan.

Baina jokalari bat aipatu beharko banu, nik Brian O’Driscoll irlandarra aipatuko nuke. Hogei urterekin egin zuen debuta Leinster taldearekin, 1999. urtean. Geroztik bertan aritu da taldez aldatu barik, diru aldetik eskaintza hobeagoak izan arren, koloreak sentitzen dituela behin eta berriro erakutsi du.

Hainbat txapelketa lortu ditu, bere taldekideekin batera Heineken cupa hirutan irabazi du (2008/09, 2010/11 eta 2011/12 denboraldietan), gaur egun bera dugu lehiaketa honetan entsegu edo try gehien lortu duen jokalaria. Nazioarte mailan lau mundialetan hartu du parte, sei nazioetako txapelketa birritan irabazi du 2009 eta 2014. urteetan. Bera dugu nazioarteko norgehiakoetan errekorra duena, 133 partida jokatu ditu Irlandarekin eta 8 British Lionsekin.

Datu asko badira ere, ez dira horiek nire ustez jokalari honen handitasuna erakusten dutenak, bere handitasuna zelaiaren barruan erakusten zuen. Irlandak behar zuen liderra izan dugu BOD, beti irribarretsu, beti plakaia egiteko prest, beti aurrera egiteko grinarekin, aurkaria menderatu nahian. Lesio ugari izan dituen arren, beti altxatu eta aurrera egiteko gai izan da. 20 urterekin Parisen (2000. urtean) Frantziaren aurka hiru try lortu zituenean, oraindik bizarra ez zuen gazte irlandar hark agerian utzi zituen bere dohaiak, eta liderra izateko jaioa zela, sasoian 28 urte baitzeramaten irlandarrek Parisen garaipena lortu barik. 

Orain mundiala gertu dugunean, 2015. urtean jokatuko baita, Brianek agur esatea erabaki du, bere gorputzak nahiko esan du. Askok diote agian datorren urtean zelaian ikus dezakegula, baina nik ezetz uste dut, Brian hitza eman eta betetzen duen horietakoa da, beti horrela izan da, eta dudarik gabe Parisen jokatu zuen partida azkena izan da elastiko berdearekin.

Bejondeizula Brian urte hauetan eskainitako guztiagatik, urte hauetan errugbia handia egin duzu, eta ea elkar ikusten dugu Twickenhamen garagardo bat eskuetan !

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!