Hori guztia onartuta, zein izan beharko litzateke eskola kirolaren helburua? Galdera inportantea guraso eta hezitzaile garenontzat. Kirola heziketaren oinarri garrantzitsua izan beharko litzateke. Kirolaren bidez gizarteratze prozesuan urrats garrantzitsuak ematen dira, besteak ezagututa eta besteekin jokatuta.
Besteak errespetatu eta ekinean gozatzeko aukerak bideratu beharko genituzke, eta ez askotan bultzatzen dugun garaipena. Helburua sekula ezin daiteke izan irabaztea, behintzat, hasierako urte horietan.
Eskola kirola, garapenaren hasierako fasea litzateke, hainbat kirol ezagutu, eta komunikabideetan agertzen ez diren kirolak praktikatzeko eta dastatzeko abagunea; horretaz gain, ume/gazte bakoitzak dituen dohainak eta mugak ezagutu eta onartzeko hasierako bidea ere bada eskola kirola.
Besteek, eta ez aurkariek, jokoan duten garrantziaz jabetzea landu beharreko oinarria litzateke. Beste aldekoak ez badaude, ezinezkoa da jokatzea; bakarrik jokatzea oso aspergarria da, eta horregatik ezinbestekoa da bestearen papera onartu eta errespetatzea.
Hor dago gakoa: besteekin jokatu behar dutela ulertzea, aurkaria zaintzearen beharraz ohartzea, edota epailearen erabakiak onartzea; hor dugu kirolaren benetako balioa. Hori lortuz gero, etorkizuneko gizarteak eskertuko du egindako ahalegina.