Txiki-txikitatik talde kirolean aritu garenak jendez inguraturik egotera ohituta gaude, kirolaz gozatzeaz gainera, taldekideekin egoteko beharra daukagu. Ondoren, lehiaketa uztean, ez zaigu erraza egiten banakako kiroletan aritzea.
Errugbian sekulako zortea daukagu beteranoen taldeekin. Azken urteetan inguruko klub gehienetan beteranoentzako atalak sortu dira, eta urteetan aurkari izandakoekin berriz ere lehiatzeko aukera paregabea eskaintzen zaigu. DRTan Sapuzaharrak beteranoen taldea sortu genuen duela lau bat urte. Helburuak, besteak beste, errugbia zabaltzen eta ezagutarazten ahalegintzea, errugbiaz gozatzen jarraitzea, eta sasoi batean izandako lagunekin egoteko aukera izatea dira.
Kirol arloa zein arlo ludikoa bultzatzen saiatzen gara. Aurten, lehenengoz, Bizkaiko beteranoen lehen txapelketa burutuko da, eta durangarroi egokitu zaigu antolatzea. Arripausuetan 8 talde ariko gara: Getxo, Gernika, UniBilbo, Mungia, Kakarraldo, Elorrio, Lourdes eta Sapuzaharrak. Hitzordua ekainaren 8an izango da, 10:00etatik aurrera. Zelaian, sasoi batean arinak, indartsuak edo oso trebeak izandako jokalariak ikusteko parada izango duzue.
Denboraren joanak gorputzetan hedatutakoak ere bistan izango ditugu, ile urdinak zein burusoiltasuna hor izango dira ere, baina ziur izan batzuk oraindik sasoian daudela erakutsiko dutela. Bertaratu eta gozatu, ez zaizue damutuko. Hemendik besarkada handi bat Tatarentzat.