Modan jarri zaigu historiako talderik onenak izendatzea. Futbolean Peleren Brasil edo gaur eguneko Bartzelona aipatzen dituzte; saskibaloian Magic Johnsonen Lakers, edo Jordanen Bullsak , Dream Teama... Ezagun batek galdera berdina luzatu zidan errugbiaren inguruan.
Galdera zaila aurrean nuena. Hasiera batean, Zeelanda Berria botatzea otu zitzaidan, azken hogei urteetan joko itzela erakutsi du, ikusgarria, bizia, indartsua. Hala ere, ezaugarri horiek ez zien txapelik bermatu.
Burua astinduz, etxean bideo zahar batzuk nituela gogoratu nuen, 70. hamarkadakoak. Oraindik errugbia amateurra zen, eta sasoi horretan galestarrek sekulako belaunaldia zuten. Ez zuten gaur egunekoen indarra, gorputzak zein arerioa atzera bultzatzeko gaitasuna, gimnasioetara joatearena ez zegoen hain zabaldurik, baina bazuten beste dohain batzuk: abilezia, abiadura, talde zein herri sentimendua, oso garrantzitsua.Gareth Edwards, Barry John, JPR Williams lako izarrek baloia eskuetan zutela korrika egitea baino gehiago, dantza dotorea burutzen zuten: magia.
Errugbiarekin benetan gozatu nahi baduzue, youtuben.com gunean 1973. urtean Barbarians eta All Blacken arteko partida ikusgarria ikusteko aukera izango duzue. Beste sasoi bat da, baina badu bere xarma. Hainbaten iritziz, historiako partidarik onena izan daiteke, batek daki! Hemendik besarkada handi bat Tatarentzat.