Bizi garen gizarte honetan, badugu sailkatzeko eta puntuatzeko joera handia, eta sailkapen eta puntuaketa horien arabera nor den onena izendatzeko ohitura. Gizartean esan dut, baina batez ere, komunikabideetan islatzen da tradizio hau.
Sailkapenak egiteko orduan hainbat faktore izan beharko genituzke kontuan. Batetik, bozketa emateko arduradunak (adituak, kazetariak, entrenatzaileak…). Bestetik ebaluatu beharreko alderdiak: zenbat puntu edo zenbat gol sartu dituzte, irabazitako txapelketak, etab. Hautaketa modu horretako adibide garbiena futbol mundua dugu, Messi eta Ronaldorekin.
Nire ustez, benetan adierazgarriak diren arloak hartu beharko lirateke kontuan jokalaririk onena aukeratzeko orduan: zelaian zein aldagelan erakusten duten lidergoa, taldekideen jokoa hobetzeko dituzten dohainak, une kritikoetan aurrera egiteko duten grina eta joera, kirolaren balioak zabaltzeko modua, zaleekin eta gazteekin duten harremana; eta ez bakarrik golak, saskiratzeak edo entseguak sartzeko gai diren.
Errugbia irizpide horien adibide garbia da. Azken urteetan munduko jokalaririk onenak legez izendatutakoen profila aztertuz gero, argi dago azken arlo hauek lehenetsi dituztela. 2009 eta 2010. urteetan Richie McCaw all blacks talde mitikoaren kapitainak irabazi zuen IRBk ematen duen saria, eta iaz Munduko Txapelketa irabazi ez arren, frantziar batek, Thierry Dusatoir-ek, eraman zuen. Jokalari horrek finalean entsegua lortu arren, erasoan barik defentsan ditu dohainik handienak, eta finalean bertan 22 tackle lortu zituen. Laster 2012. urteko hautagaiak izendatuko dituzte. Ikusi beharko da IRBkoek bide berdina jorratu duten edo errugbian ere izar mediatikoak lehenetsiko dituzten komunikabideen mesederako.