Aurten ez dugu Londongo Olinpiar Jokoetan errugbia ikusteko aukera izango. Oraindik lau urte itxaron beharko ditugu, eta 7ko errugbia izango dugu 2016. urtean Rio de Janeiron.
Historia laburbilduz, XX. mendearen hasieran, Pierre de Coubertaine izan zen bultzatzaile nagusia Olinpiar Jokoetan. Bere lanari esker, 1900. urtean, Parisen, errugbia lehenengoz olinpikoa izan zen. Frantzia, Alemania eta Britainia Handiak bakarrik parte hartu zuten. Baina ez zuten selekziorik aurkeztu, klubak baizik. Frantziak irabazi zuen urrezko domina.
Zortzi urte geroago, 1908. urtean, Londonek antolatutako jokoetan hiru talde besterik ez ziren aritu. Britainia Handia, Frantzia eta Australasia (Australiak eta Zeelanda Berriak osatutako taldea). Australasiak jantzi zuen urrea.
Handik hamabi urtera, Amberesen (Belgika) 1920ko jokoetan, Txekoslovakia, Errumania, Frantzia eta AEBak egon ziren. Azkenean partida bakarra jokatu zen frantziarren eta amerikarren artean. Ezustea, estatubatuarrak garaile: 8-0.
1924. urtean, berriro Parisen, Frantziak, Errumaniak eta AEBek bakarrik parte hartu zuten. Colombes estadioan 20.000 ikusleen aurrean, estatubatuarrek 17-3 menderatu zuten Frantzia. Pierre de Couberteninek Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren presidentzia uzteaz batera, errugbiak Olinpiar Jokoetan egindako ibilbidea eten egin zen. Hainbat ahaleginen ostean, 85 urte geroago, errugbia Olinpiar Jokoetako egitarauan sartzea onartu zuten, baldintza batekin: 15ekoa barik, 7ko errugbian jokatzea. Lau urte barru izango da.