Eta azaldu beharrik ere ez dago, egia esan. Guda-danbor hotsek erantzuten dute bere partez; Rutte, Von der Leyen, Sanchez eta konpainiak. Eskualdeko ehundaka langile esplotatzen dituen Rheinmetall erraldoiak, Matienako plantan, ekoizpenaren zati handiago bat industria militarrera bideratzea erabaki berri du. Horra, etorkizuneko fabrika bat. Matienako bertako Cyber Human Systems-ek, Iurretako Astorkia eta Aeromec-ek edota Ermuako Aitor Knives-ek ere erreparorik gabe diote zertara dedikatzen diren, beren webguneetara sartu besterik ez dago. Armagintza ez da berria eskualdean, baina gero eta zentralagoa bihurtu nahi dute beren irabaziak kolokan ikusten dituzten jauntxo handi eta ez hain handiek.
Ez diezagutela milaka langileren heriotza eta miseria jauzi teknologikotzat saldu, gero eta hauskorragoa, eskasagoa eta baztertzaileagoa izango den balizko ongizatearen izenean. Kaleak hartzeko unea da. EHKStik manifestazioa deitu dugu maiatzaren 1ean, Bilbon, eguerdiko 13:00ean, Jesusen Bihotza plazatik hasita. Gerra inperialistari ez!