Ulertzen ez nuen dena nire liburuxkan idatzi eta, ondoren, galderaz josten nuen gure alkate ohia, dena ulertu arte. Eta halan, udaleko lanetan murgildu nintzen, eta ikusiz, entzunez eta batez ere jaramon eginez asko ikasi dut. Garrantzitsua da gauzak nola egiten diren ikastea eta are garrantzitsuagoa da zergatik batzuetan gauzak kanpotik ikusten diren bezain erraz ezin direla egin ulertzea. Lan bikaina egiten duzue teknikariek, idazkariek, diru-zaintzaileek, udaltzaingoak eta langile guztiek orokorrean. Eskerrik asko zuen pazientziagatik eta erakutsi didazuen denagatik.
Garrantzitsua da nondik gatozen gogoratzea eta nora joan nahi dugun jakitea. Horretara bidaiakide galantak izan ditut ondoan, 12 urte hauetan taldekide bikainak izan ditut. Eskerrik asko guztiei bihotz bihotzez. Baina aipamen berezia Aitziber Irigorasi eta Marijo Balierri. Eskerrik asko bioi, eman didazuen guztiagatik, bikainak zarete. Eta, nola ez, Iker Oceja, langile petoa, a ze momentuak egunero jaietako zezenak direnean. Hamaika ikusi ditugu biok! Eskerrik asko Iker, zu bai jatorra.
Nire eskerrik beroenak 12 urte hauetan edozein momentutan ondoan egon zareten guztioi. Harro nago nire herriaz eta harro nago bere alde lan egin izanaz. Eskerrik asko, Durango!