Helduak garen heinean ziurtzat jotzen dogu bata bestearekiko errespetua egongo dela, baina beti dagoz enbudokrazian murgilduta bizi direnak. Horiek eurena baino ez dabe kontuan hartzen eta inkisidoreak bailiran, euren atzamarra luzatu eta okerren artean okerrena bagina bezala seinalatzen gaituzte.
Errespetua zer den arrastorik ez dutenek jokatzen dabe halan. Beraiei interesatzen zaienean gogoratzen dira errespetuaz eta eskubideekaz. Hain zuzen be, hortan datza enbudokrazia, nik nahi dudana egiten dot, baina zuk nik diodana egin behar dozu. Harropuzkeriaz beteriko pertsonak izanik, laster animatzen dira oihu egiten eta irainak jaurtikitzen.
Batek ez du arrazoi gehiago oilarkeriaz oihu egiten duelako. Izatez, beraiek zer nolakoak diren deskribapen bat baino ez dabe egiten. Aspaldi ikasi genuen hobe dela berba ergelei jaramonik ez egitea. Izan ere, ardurarik ez daukatenek erraz egiten diote eraso besteen lanari, baina eurek lan egin, nekez edo ezer ez.
Durangoren alde egiteko ez da zaunka egin behar, lan egin behar da. Horretan gabiltza ardura eta besteekiko errespetua badogunok, beti ere ezberdin pentsatzen dabeenak errespetuz tratatuz. Batzuok badaukagu durangarren konfiantza orain dela lau urtetik, eta ez dogu zaunka egin beharrik. Horregatik, zaunkei belarriak itxi, eta lanean jarraituko dogu.