Guk lana, nahaste-borrasterik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Goiztidi Diaz Basterra (EAJ) 2018ko abe. 14a, 08:30

Asko dira urtean zehar ospatzen diren nazioarteko egunak. Urtero bezala, Azokak bere ateak ireki aurretik Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen. Aurten, gainera, Euskaraldiaren amaierarekin bat egin du. Baina abenduan badira beste egun garrantzitsuak ere, eta batzuetan itzalpean geratzen dira.

Abenduaren 3a Euskararen Eguna izan zen, baina Ezgaitasunaren Nazioarteko Eguna ere bada. Horretaz gain, abenduaren 10ean ere Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Zein garrantzitsua den pertsona guztiek beraien eskubideak bermatuta izatea. Baina gezurra badirudi ere, 2018. urtean oraindik ez daude pertsona guztien eskubideak bermatuta. Eta halan, ezgaitasunen bat duten pertsonek gaur egun ere diskriminazio egoerak jasaten dituzte.

Horregatik, ondo dago nazioarteko egunak ospatzea, baina egunero izan behar dugu trabak dituztenei laguntzeko erronka. Egunero egin behar dugu lan pertsona guztien giza eskubideak bermatzeko. Denok gara pertsonak eta elkarren ondoan egon beharko genuke, eta ez elkarren aurka. Ondo dago egun batean aldarrikapenak egitea eta ondo dago ahoa berba potoloez betetzea, baina egunero egin behar da lana.

Hori izaten da zaila batzuentzat, errezagoa da berbekin nahaste-borraste bat egitea eta soilik norberari interesatzen zaionari garrantzia ematea. Ibai nahasian, arrantzaleen irabazia izaten omen da eta badirudi batzuek tinko eusten diotela atsotitzari beraiek sortutako nahaste-borrastean irabazia ateratzeko asmoz.

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da, ezgaitasunaren nazioarteko eguna ospatu eta zazpi egun geroago. Ahulenak dira diskriminazioa eta gizartearen gutxikeriak pairatzen dituztenak. Baina lana egunero egin behar da, pertsonak izan behar dira lehenengo, eta ez norberaren intereserako nahaste-borrasteen sorketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!