Munduko gertakizun honen inguruan gure uriak ere badauka bere txokoa. Izan ere, aste honetan egin den kontzertuak Durango MTV sari banaketaren protagonisten artean kokatu du. Argi dago, jaialdi guztiekin gertatzen den bezala, honek ere bere eragozpen eta deserosotasunak dituela, baina etekinak ere balio handikoak dira.
Euskadi gure aberria dela sentitzen dugunok harro gaude egun hauetan Euskadi munduratu egingo delako. Harro gaude agerian jartzen direlako Euskadik dituen balioa eta gaitasuna. Munduan protagonista izango da euskal nortasuna eta, horretara, euskaldunak ere bai. Aukera paregabea zalantzarik gabe.
Askotan esan dugun bezala, Euskadi eta Durangoren alde egingo dugu lan. Bidera jaurtitzen dizkiguten harri guztien gainetik salto egin eta aurrera egingo dugu, Durangorentzat onura lortzeko helburuarekin.
Euskadi da euskaldunon aberria eta egun hauetan MTV sariak gure aberria eta gure uria mundura zabalduko duten erakusleiho bikaina dira. Gure aberriaz harro gaudenok tinko eutsiko diogu lanari eta zentzugabekeriak aldarrikatzen dituzten aurkariak hor konpon daitezela. Batzuetan hobe da berba ergelei belarriak ixtea. Ongietorriak izan daitezela Durango, Bizkaia eta Euskadi munduratzen dituzten gertakizunak!