Bukaeraren hasiera!

Erabiltzailearen aurpegia Goiztidi Diaz Basterra (EAJ) 2018ko ira. 8a, 08:30

Urte osoan beraien zain egon eta gero, heldu diren modu berean joan jakuz oporrak. Eta honela, bukaera guztien atzetik datorren hasiera dogu aurrean, iraila baita hasieren hilabetea. Eskoletako ikasturtea hasten da, batzuek horrenbeste desiratzen egon diren futbola hasten da, kirola buru-belarri egiteko egitasmoa pizten da eta, nola ez, udako gehiegikeria gastronomikoak garbitzeko dietak hasten dira.

Aurten, jadanik martxan jarri den ikasturte politikoa legealdiko azkena izango da eta, beraz, bukaera bat ekarriko duen hasiera baten aurrean gagoz. Ziur nago gorabehera asko egongo direla, baina gure onena emongo dogu Durangorentzat hoberena dena lortzeko. 

Beraz, lanerako gogoz etorrita denbora gutxi edukiko dogu opor osteko sindromea sentitzeko. Herriko igerilekuetan igarotako egunek, bertako tabernan hartutako kafeek eta jendearekin edukitako solasaldiek uda garaia baino luzeagoa den neguko errutinei aurre egiteko indarra emon deustie. Udako igerilekuetan sortzen den giroaren eta egun horiek ematen dabien deskantsoaren falta igarriko dot. Baina bizitza zikloz beteta dago eta etorriko dira ostera desioko udako egun zoragarri horiek. 

Bitartean, erronka berriak martxan jarriko doguz eta etorkizunean errutinatik at garamatzaten ihesbideak antolatuko doguz. Honela, eguneroko lanari aurre egiteak lepoan jartzen deuskun zama gutxiagotuko dogu eta luze egin ahal jakun ikasturtea laburtuko dogu. Gogoz eutsiko deutsagu legealdiaren helmugako zuzenari. Jakin eta egin!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!