Pozgarria da halaber, kirol zaletasuna bizirik mantentzen dauen herri batean bizitzea. Asko dira herrian dauden kirol taldeak, saskibaloia, futbola, errugbia, judoa, gimnasia erritmikoa, padela, atletismoa eta abar. Honela, bata bestearen atzean datozkigu talde guztien lorpenak, maila gorenetara igotzeak, txapelketen irabaziak… Oraindik ere gogoan ditugu bai Kulturalaren zein Durango Rugby Taldearen azken lorpenak. Zorionak talde biei!
Baina gaurkoan gutxiagotan gogoratzen dogun kirol talde bat gogora ekarri nahi dot, Tabira Igeriketa Taldea hain zuzen ere. Ez da ohikoa igeriketaren inguruko berriak entzutea, baina Durango harro egon daiteke talde honetako neska-mutilek egiten dabien lanagaz.
Beren entrenatzailearen agindupean, gogor ekiten deutsie entrenamenduei egunero egunero. Honela, txapelketa asko eta domina zenbatu ezinak deukiez bere soinean. Egun batzuk barru, Espainiako sorosle txapelketan parte hartuko dabie, urtero egiten dabien bezala, eta ziur nago aurten ere dominak ekarriko dabiezela etxera bueltan. Hitz hauen bitartez indarra eta animo asko bidaltzen deutsiet. Ondo ederto eukingo dot beraien berri sare sozialetan, ez baita ez ahuntzaren gauerdiko eztula neska-mutil hauek egiten dabien lana. Zorterik hoberena opa deutsuet. Animo Tabira Igeriketa Taldea!