Honela, mozio izena daramaten sukalkiak eskaintzen zaizkigu eta itxura batean halan diruditenak trampantojo galanta bilakatzen dira. Oso erraza da hileko azken egunetan lan egitearen itxura egin eta azken orduko emaitza bat aurkeztea, Durangoren alde egitearen aterkipean jarrita. Baina ez, ardi txikia beti da bildots eta nahiz eta batzuk artistak izan trampantojoaren teknikan, proiektuak martxan daude hileroko degustazio menuan agertzen direnerako.
Noski, errezeten liburu ona dago, izan ere kudeaketa plana publikoa baita. Horregatik, asko dira har ditzaketen osagaiak kozinatzeko, eta halan, erraz egin daitezke azken orduko lanak gauzak inori esker egiten direla aldarrikatuz. Beste batzuok egunero egiten dugu lana, eta laster konturatzen gara aurrean trampantojo bat dugunean. Hau da, dirudiena ez da eta proiektuak aldez aurretik daude argitaratuta eta martxan. Proiektuak eguneroko lanaren ondorioz doaz aurrera, batzuon gogoz Durango aurrera doa. Beste batzuengatik balitz, engainua baino ez dakarten trampantojoetan murgilduta egongo ginateke, ez baitzaie axola herritarrak galtzaile izatea.
Durangok alderdi trampantojoak baino gehiago merezi du, aurrera egitea merezi du eta horren alde egingo dugu lan, orain eta beti, herriak eman zigun konfiantzaren aterkipean jarrita.