Pozgarria da ikustea euskal kulturaren eta folklorearen inguruko zaletasuna goruntz doala gure urian. Gero eta gehiago dira parte hartzen duten elkarte eta eskolak, eta, ondorioz, gero eta anitzagoak eta aberatsagoak dira Euskal Jaiak. Bistan dago parte-hartzea bizirik dagoela. Nahiz eta askoren ahotsetan kontrakoa iruditu, Durango beti izan da uri parte-hartzailea.
Badakigu denon gustua egitea zaila dela, baina bide egokiari ekinez gai izan gaitezke oztopoak alde batera utzi eta denon onurako Durango bat eraikitzeko. Durango sasoian dago, aurrera eginez, gero eta euskaldunago eta sozialago. Eta halan da aspalditik egindako lanaren ondorioz, batzuetan gustukoa izan ez arren, uriaren interes orokorraren alde egindakoa.
Behin baino gehiagotan entzun ditugu erraztasunez egindako aldarrikapen demagogikoak, erraztasunez egindako nahaste-borrasteak. Baina eguneroko lanean gobernatu egin behar da eta hori seriotasunez egin behar da, eta ez momentuko burutapenei jarraituz. Gehiago hitz egiteagatik, batzuek ez dute gehiago egiten; izan ere, beraiek bidea hasten dutenerako, batzuok bagaude bueltan. Durangok sasoian jarrai dezan lan egingo dugu, nahiz eta batzuek burua saldu eta txapela erosi egiten duten.