Bestalde, 2018. urtean, XXI. mendean jadanik, eta oraingoan ere aste santuan, gatazka politiko bati aurre egin nahi zaio elkarrizketekin zerikusia ez duten bide batzuk jorratuta. Legea bete egin behar den aterkipean babestuta, atxiloketak eta kartzelaratzeak bata bestearen atzean ikusi ditugu, aste santuko egunetan ikusten diren prozesioen antzera.
Eta egia da, legea bete egin behar da, hori da hiritarren betebeharra. Baina, aizu, hori guztiok daukagu eta atxiloketa prozesio horietan faltan sumatu ditut beraien eskubideak aldarrikatzea baino delitu larriagoak egin dituzten zenbait pertsonaia. Eta jakinda denok ditugula betekizun batzuk, non geratzen dira denok ditugun eskubideak?
Non dago erabakitzeko daukagun eskubidea? Orain dela 20 urte Irlandan herriari galdetu zioten zer nahi zuten, halan egin zuen Eskoziak ere. Baina Euskal Herriak eta Kataluniak ezin dute hori egin, ez omen dugu eskubiderik. Tamalgarria benetan 2018. urtean pertsonak kartzelaratuta egotea herriari zer nahi duen galdetzeagatik.
Baina ez diogu etsiko, jadanik esperientzia daukagu sasi guztien gainetik hegan egiten. Halan egin dugu beti eta halan jarraituko dugu, Euzkadi delako euzkotarren aberria.