Egia, askoren erregarria!

Beti esan da etorkizuna eraiki egin behar dela. Baina eraikuntza patxadaz egin behar da, durangarrek halan merezi dutelako. Honela, badugu trena lurperatuta, txukun Benita Uribarrena parkea, elegante udal liburutegia eta berriztuta San Fausto auzunea, besteak beste.

Durangarrek etorkizun ona merezi dute, eta ez oker dagoen zerbait. Horretara, ezinbestekoa da gure uria okertzen duena ezabatzea. Batzuengatik balitz, eraikin zahar eta zikinkeriaz inguratuta biziko ginateke. Badirudi halan daudela eroso; agian, horregatik, beraiek izan dira askotan gure uriko hormak kartelez estali dituzten lehenak.

Baina durangarrek etorkizun on bat merezi dute, ez dute merezi EH Bildutik eskaintzen zaien Durango txapuzero bat. Ezaguna da zein den beraien estiloa; badakigu, bai, Pepe Gotera eta Otilioren dizipuluak direla, baina gure uriak ez du hori merezi.

Gure uriak zentzuzko etorkizuna merezi du, proiektu egokiez hornitua. Ziur nago denok eskertuko ditugula Durango hobetuko duten proiektuak. Batzuok etorkizunean Durango garbi eta zuzen bat nahi dugulako eta beste batzuk beraien hileroko show-rako gaiak behar dituztelako. Antzeman dezaket zein izango den hurrengo saioko gaia, bost puxtarri asmatzen duenari!

Tira, jakina da batzuek ez dutela inoiz gauza asko gogoko izango, batez ere lana edozelan egiteko ohitura dutelako. Baina etorkizunera joateak heldutasuna garatzea darama atxekita. Durangok aurrera egin behar du, herritarrek etorkizun garbia eta zuzena merezi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!