Txikitatik erakusten digute zer dagoen ondo eta zer ez, eta irakaslerik gabe ere askotan konturatzen gara zer dagoen ondo eta zer ez. Bizia da pertsonek daukagun altxor baliotsuena. Bizitza, bizipoza, sentitzeko aukera, irribarrea... Guztiak dira altxorraren osagaiak, baina nola da posible pertsona batzuentzat biziak horren gutxi balio izatea?
Urren hilzorian utzi zuten kale gorrian, bere altxorrik baliotsuena lapurtu ondoren. Gaur ezagutzen ditugu ustezko erantzuleak, ezagutzen ditugu beraien aurpegiak. Amorrua da guztiok sentitzen doguna. Legeak bere gora beherak izango ditu baina nahiz eta adin gutxikoak izan, gazteek badakite zer dagon ondo eta zer ez.
Eta larria bada iñori bizia lapurtzea, larriagoa da horren inguruan barre eta irainak egitea. Ez da bidezkoa ez, izugarrizko sufrimentua jasaten ari den familia batek oraindik ere erantzuleen irainen berri izan behar izatea. Nahi baino gehiagotan entzun dogu egunotan Zumarragako herriaren izena. Bertan daude jadanik inoren bizia edota askatasuna errespetatzen jakin ez duten gazte batzuk.
Ez dago Urreni bere altxorra itzuliko dion justiziarik, baina egin daitela egin beharrekoa. Inork ez du merezi bere bizia lapurtu diezaiotela, inork ez dauka eskubiderik beste bati bere altxorra lapurtzeko. Ez ditugu ahaztuko ez aurtengo gabonak, ez dogu inoz ahaztuko ez gure laguna. Besarkada bat famili eta lagunei!