Otsoak inpernura!

Otsoak basoan bizi dira eta lau hankatan ibili. Ez dakit eboluzioaren zein momentutan gertatu zen aldaketa, baina aro honetara basoan bizi ez diren bi hankako otsoak heldu dira. Arrak dira eta lortzen dute ugaltzea eta beraien espeziea bizirik mantentzea.

Gure artean nahasturik bizi dira eta guztiz engainatzen gaituzte gure bizitzan eta etxeetan sartuz. Eta, orduan, beraien kareta kendu eta ondoan duten emakumea jipoitu egiten dute. Oraindik ere 2017. urtean plaga bat dira, kaletik dabiltza non-nahi eta ez dakizu noiz gurutzatuko diren zure bidean.

Hauetariko animalia batekin topo egiten duen emakumea inpernu batean sartzen da. Gainera, beraien babeserako dauden neurriak nahikoak ez izateaz gain, beraien bizitza kartzela bihurtzen dute. Beraien mugimenduak kontrolatuak dira, bizkartzaina eraman behar dute eta batzuetan ezin dira etxetik atera.

Zergatik bizi behar da emakumea kartzela batean? Erasotzailea izan beharko litzateke atzetik norbait eraman beharko zuena, bere pauso guztiak kontrolatzeko. Emakumea biktima da eta ez du zertan kartzela batean bizi. Biktimak aske izateko eskubidea du eta erasotzailea da inpernuan bizitzea merezi duena.

Biktimak aurrera egiteko eskubidea du, jipoiak eta bortxaketak atzean utzi eta bizitzagaz aurrera egiteko eskubidea du. Inpernua erasotzaileak merezi du. Egin dezagun aurrera eta ia aurrera egiten dugun heinean, bi hankako otso madarikatu hauek atzean geratu eta desagertzen diren. Guztiak gara bat emakumeok, atzerapauso bat ere, zutik emakumeak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!