Betiko kontua

Zientzien munduan badago nazioarteko sistema metriko bat zeinaren bitartez gauzak neurtzerakoan erraztasuna eta ulergarritasuna lortzen diren. Ondo legoke politikaren munduan ere halako sistemaren bat eratzea, ekintzen neurketa edo metodologia guztiontzat berdina izateko. Egun demokrazia batean bizi gara, ez enbudokrazia batean non norberarentzat dena balio duen baina aurrekoarentzat ez.

Kataluniari dagokionez, badirudi konstituzioko 155. artikulua abian dela. Ze pena gauzak neurtzeko sistema egokia ez dagoela, zeren artikulu hori abian jartzea legezkoa bada, legezkoa izan beharko litzateke ere konstituzioaren gainontzeko artikuluak abian jartzea eta bete izatea.

Hain larria al da pertsonek bere etorkizuna zein den erabakitzeko eskubidea izatea? Giza eskubideen inguruan hainbeste hitz egin eta gero, zergatik ez da betetzen norberak zer izan nahi duen erabakitzeko eskubidea? Estatu espainoleko mugetatik haratago joanda ondo asko neurtzen da modu egokian preso politikoak daudela edota diktadura bat ezarrita dagoela. Ondo asko esaten da mugetatik at batzuek askatasuna merezi dutela.

Baina mugak igaro eta beraien etxean sartuta daudela neurtzeko sistema aldatu eta giza eskubideak eta konstituzioaren hainbat artikulu popatik bidaltzen dituzte inolako lotsarik gabe. Ez naiz aspertuko esaten noren esku dagoen zer izan nahi dugun. Gure esku dago, euskalduna naiz eta halan bizi gure dot eta entzun: GURE ESKU DAGO!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!