Larunbatean gazteen futbol partidu bat ikustera joan nintzen. Tamalgarria izan zen ikustea heldu batzuen jarrera agresiboa. Berdin da nork jokatzen duen partidua, jarrera norbere pertsonarekin baitoa, baina tristea da gazteen lagunarteko partidu batean entrenatzaile zein gurasoek esaten dituzten astakeriak entzutea.
Hori al da gazteei emon nahi diegun eredua? Asko dira urtean zehar ikusten ditudan partiduak, bai futbola, bai saskibaloia, eta zeharo haserrarazten naute gurasoek zein entrenatzaileek batzuetan arbitroari edo gazteei esaten dizkieten astakeriek.
Eskola kirola hastear dagoela, izan dezagun zentzua eta gogora dezagun umeak ditugula aurrean jolasten eta garrantzitsuena ez dela irabaztea, nahiz eta hori izan beti helburu. Garrantzitsuena errespetua eta kirola dira, garbitasunez jokatu eta norbere akatsak onartu norbere jokaldi onak txalotzen ditugun bezala. Kirola ez da iskanbilarako tresna, ez da oihuka estresa kentzeko tresna. Horretarako, badago norengana joan.
Kirola bizipoza izan behar da, gazte eta umeen arteko erlazioak garatu eta talde lana egiten ikasteko bidea. Gazteak estimulatu eta motibatu egin behar dira, ez ‘energumeno’ baten moduan garrasika hasi jokalariei gauzak ondo ateratzen ez zaizkielako. Ikus dezagun kirola zentzunez eta animatu ditzagun gure seme-alaba edo ilobak inor iraindu gabe.