Herriek beren jantzi dotoreenak ipini eta egun batzuetarako festa eta jaialdia eskaintzen dabe. Nork ez dekoz gaztetako uda denborako oroitapenak? Gabeko lehenengo irtenaldiak, lagunekin egindako lehenengo parran- dak... Nik neuk behintzat oroitapen onak dekodaz garai hartako Biasteri herrian bizitako udetaz. Baina, tamalez, udarekin batera eta jaiak pizten doazen heinean, egunero albisteetan protagonista bihurtzen dira eraso sexistak. Badirudi ezin daitekeela joan inongo jaietara norbere buruari zeozer gertatuko jakon beldur barik. Ze nazka oraindik ere horrela ibili beharra. Ez dago beste hitzik barruko amorrua hobeto deskribatzeko. Ze demontre egin beharra dago neskatila bat jaietan aske eta lasai ibili eta etxerako bueltan ezer txarrik gertatu barik heltzeko? Zergatik lesbianak beren burua kontrolatzeko gai dira praka motzak, minigona edota eskote polit bat daramaten emakumeak ikustean eta gizonezkoak ez? Zer da “ez” hitzetik ulertzen ez dutena? Zergatik jai batzuetan ikusitako kamisetek isuna merezi dute eta emakumeen aurkako eraso bat suposatzen duten kamiseta sexistek ez? Udatik bueltan, zuhaitzen hostoak erortzen hasten direnean eta herrietako jaiak amatatzen hasten direnean gure San Faustoak etorriko dira. Espero dezagun jai alaiak eta baketsuak izan daitezela eta eraso bat ere ez dadila gertatu. Espero dezagun udaren alaitasuna ez dadila gehiago eraso sexisten itzalez ilundu. Eta gogoratu, “Ez beti da ez!”