Durango sutan

Orain dela 80 urteko martxoaren 31n berak 17 urte zeuzkan. Bizitza guztia bizitzear, maitemintzear, alabak izatear eta edozeinek bere bizitzan betetzear izan ditzakeen hainbat amets. Egun lasaia zirudien, udaberria estreinatu berri zen.

Baina gutxi iraun zion poztasunak txiroari egun hartan. Hasieran urruti entzuten ziren zeruko deabruen soinuak hurbildu ahala, beldurra hezurretaraino sartu zitzaion. Pentsatzeko denborarik gabe, zerutik su jario ikaragarria hasi zen. Nora joan? Zer egin? Batzuetan zergatia jakin gabe, ohituraz hartzen ditugun erabakiak aldatu eta ohikoa egin beharrean, bestelakoa egiten dugu. Hala, 17 urteko neskatxak zainpean zuen umea besotan hartuta ohiko elizara joan beharrean, kontrako lekuan babestu zituen beraien biziak.

300 pertsona baino gehiago erailak izan ziren. Faxisten hegazkinetako bonbek betetzear zeuden amets ugari zapuztuz. Berak zortea izan zuen, zergatia jakin gabeko ohitura aldaketa bati esker. Amamak bere ametsak aurrera eraman zituen, berak eta besotan zeraman umeak ere.

Memoria historikoa mantendu behar da. Asko dira gudari desagertuak, edozein bide ertzean edonola lurperaturik daudenak. Gudariak, erailak, ezin dira ahaztu. Martxoaren 31n gogora ekarriko ditugu. Sirena entzutean ileak tente jarriko zaizkigu beraiek sentitu zutena imajinatzean. Nire amamak zortea izan zuen, baina ezin ahaztu zortea izan ez zutenak eta Euskadiren askatasunaren alde borrokatu ziren gudariak. Goian beude guztiak eta Euzkadi izango da beti euzkotarren aberria!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!