Gure Udalerriko Ezker Abertzalea, betiko lepotik burua, beste zinegotzien liberazioak gogor kritikatzen ikusi dot eta, euren sasi-koherentziari men eginez, euren zinegotzi bat liberatzen ebela be ikusi dot. Autokritika izpirik? Ez. Liberatuen soldatak kritikatzen ikusi ditut, zenbateko larregizkoak leporatuz eta, berehala, EH Bilduko zinegotzi bi liberazio bat partekatzen ikusi dot, zenbatekoari eutsiz. Kritikatzen eben zenbatekoaren %97,1a “soilik” baino ez dabe kobratzen. Keinua aldatu barik, pedestaletik begiratzen, euren nagusitasun moralaren izenean. Bestalde, euren bikotekidea dan Podemos dogu. Hain garbiak eta gardenak, Udaleko liberatuen soldatak erdira pasatzea proposatu eben, baina, egun, liberatu bi dituzte, eta horrenbeste kritikatu daben liberazioaren zenbateko osoa kobratu eta alkarregaz banatzen dabe. Kritika oinarrizko elementua da gizarte demokratikoetan, baina, etikari buruz berba egiteko, pedestalera igogailuan igotzea ez da nahikoa; zorionez, ibilbidea bestelakoa da.