Durangoko jaiak 2015

Jaiak, elkartasuna

Hiru aste eskas falta dira gure Uriko Jaiak hasteko. Sumatzen da, usaintzen da, nabaria da gure kaleetan, gure plaza eta espaloietan jai gogoa. Heldu da Patxikotxuren espiritu jaizalea gure etxeetara. Eta laster izango dogu Sanfaustoak disfrutatzeko aukera. Aukera hobezina gainera.

Aspaldian dabil gure Jai Batzordea lan eta lan ahalik eta programarik anitzena prestatu eta herritar guztiei eskaini ahal izateko. Lan itzela da adin guztiei eta gustu guztiei bideratutako ekimen, ekintza eta eskaintzak bateratzeko modukoak egitea. Inor ahaztu edo baztertu barik. Herritar guztien (edo gehienen) nahiak aurrikusiz eta uztartuz. Eta, konturik interesgarriena, dan-dana jendearen esker onaren truke, hau da, debaldeko lan oparoa eginez. Eskerrik asko eta biba zuek!

Danatarik danontzat. Eta inor ahaztu barik. Horixe da Jaietako lelorik nagusiena. Bai eta egoera latzean bizi diren pertsonak ahaztu barik. Krisialdi ekonomiko luze honetan itxaropenik ikusten ez dabenak albo batera itxi barik. Jaietan bai, baina elkartasunean be bai. Pertsona da ardatza eta, gehienbat, sufritzen dagoen pertsona.
Jaiak hastear, eta ni bukatzear. Amaitu baino lehen omenaldi xume bat egin nahi deutset hainbat urtetan Jaietako gatza eta piperra izan diren bi kideei. Alde batetik, beti umoretsu eta alai izandako Mundusi. Bestetik, Sanfaustoen maitale amorratu eta EAJko zinegotzi zintzo izandako Natxo Martinezi. Agur eta ohore.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!