Durangaldea haziarazi

Durangoko Alkate zan Juanjo Ziarrustak maiz esaten eban, Oiz menditik behera begiratuz gero, gure bailaran ez gendukela mugarik ikusiko. Eta egia da. Horrek ez dau esan nahi Udalerri bakoitzak bere mugak ez dituenik, edota herriok, gure izaera alde batera lagata, udalerri bakar bat egin behar dogunik. Ez. Esangura askoz be sakonagoa da: Durangaldea osatzen dogun herriek helburu erkideak partekatzen doguzala esan nahi dau, gure etorkizuna alkarregaz eraikitzeko bide beretik goazela, eta eskualde honetan dan-danak garela beharrezkoak. Gure geroa lortzeko mugarik ez.

 

 

Horretara lan egin dogu EAJko kideok betidanik. Gutariko bakoitzarentzat bere Udalerria lehentasuna da, baina jakin badakigu Durangaldearen etorkizuna gurea be badala, eta, guztion lana elkartuz gero, errazagoa dala aurrera egitea. Horrexegaitik hilaren 19a egun berezia izan zan, hain zuzen be, egun horretan bertan Durangaldeko herrietan gure zerrendaburuak aurkeztu genduzalako, non eta Landako Gunean. Argi eta garbi, beste alderdi batzuek ez bezala, hautagaiaren ezkutaketan jokatu barik.

 

19an gure hautagaiak aurkeztu genduzan. Bertako pertsonak, ezagunak, gure gizartean errotuak. Zintzotasunez jarduteko konpromisoa hartu daben andra-gizonak, eta, politika gaitzesten dan giro honetan, aurrerapausoa emoteko gertu dagozan gizon-emakumeak. Eguneroko lanean euren ahalegina jartzeko prest dagozanak. Gure eskualdearen etorkizuna amestu eta berau egia bihurtzeko gogotsu dagozanak. Durangaldea haziarazi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!