Diogenes sindromea

Hasia da gure Udalerrian udal hondakin solidoen kudeaketari buruzko hausnarketa, Tokiko Agenda 21eko foroen barruan. Badakit ez nintzela atzo jaio, baina oraindik gogoan daukat Durangon, orain dala 25 bat urte, ez zala zaborra egunero batzen, edota hondakinen bereizketa gure etxeetan guztiz kontu arraroa zala.

Zorionez egoera zeharo aldatu da, eta, Europako joerei jarraituz, gero eta ahalegin sendoagoak jarri izan dira martxan. Gizartean, urteak joan eta urteak etorri, badago errotuta hondakinen bereizketa, birziklatzea, berrerabiltzea eta abar. Pertsonen joera aldatzea ez da gauza erraza izaten: informazioa, heziketa eta borondate askea ezinbestekoak dira. Igarotako urteak nahitaezkoak izan dira bukatzeke dogun prozesu hori arrakastaz garatzeko. Pausoak irmo eta sendo emonez posible izango dogu aurrerantzean be egoera barriak gureganatzea.

Halere, gure herrian be sortu dira atez ateko kudeaketaren buruzagi sutsuak, beti hausnarketa ahoan izanik, honetarako ez dala behar aldarrikatzen dabenak. Eta euren estrategia antolatu dabe Durangon be finkatzeko Gipuzkoan agintariek zuzenean (eta herritarren parte-hartze prozesurik egon barik!) ezarritako sistema. Eta herritarrei hau argi eta garbi esan beharrean, atzeko atetik ari dira presioa egiten, inori azalpen argirik emon barik: atez ateko sistema gipuzkoarrak zer dakar berarekin? Osinbeltz harrobian zaborra pilatzea? Edota Igorreko zabortegira bideratzea? Medikuntzan horri Diogenes sindromea esaten deutsogu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!