Gure arbasoengandik jaso genduzan ohiturak aurten be berretsiko doguz, eta, aurreko durangarren omenez, egungoen mesedetan zezenak dira ospatu edota antzinako dantzak dastatuko doguz. Aukeran izango doguz kontzertuak eta berbenak. Eta barrakak eta umeen jolasak. Eta adinekoen bazkaria, eta kirol zein kultur erakusketak. Danatarik durangarrok Jaiak gozatzeko. Egoera ekonomikoak gure egunerokoa zeharo aldatu egin dau, eta askok arazoak dituzte euren bizimodua aurrera eroateko. Jaiak ez dira hori guztia alboratzeko baliagarriak izan behar; kontrara, herri moduan alkartu eta bateratzeko erabili ahal doguz. Indarbarritzeko. Iñor baztertu barik. Pertsona da helburua.
Eta pertsonak ardatz moduan hartuta Durangoko Udaleko Jai Batzordeak programa anitza prestatu deusku. Batzordeko kideen meritua itzela da, esker onaren truk ordu asko emon dabezelako durangarren interesak eta asmoak asmatzen, gustokoak izan ahal diren ekitaldiak irudikatzen eta aukeratzen, eta horiek guztiak programa bakarrean uztartzen. Musutruk. Eskerrak bihotzez.
Hortxe bertan doguz Jaiak, durangar guztien Jaiak. Disfrutatzeko eta ondo pasatzeko aukera dogu pare-parean. Ospatu dagiguzan Sanfaustoak bakean eta errespetuan. Gure esku dago Jaiak eta Herria lotzea. Jaiak bai, Herria ere bai.