Heldu da jada iraila. Hilabete neketsua izaten ohi da langileentzat eta ikasleentzat, nahiz eta azken aspaldian epealdi beldurgarria ez izan azken horientzat, dagoeneko desagertuak baitira iraileko azterketa ikaragarriak. Oporraldia amaitzeak, askorentzat, tristura dakar; alabaina, lanera bueltatzea, egungo egoera ekonomikoari begira, ez da egitate makala, inondik inora be. Badagoz gure artean herritar, auzotar, lagun, senideak langabezian, edo euren lana kolokan ikusten dabenak. Itxaropenari eutsita eguneroko iluna bizi dabenak. Pertsona horiek guztiek gure iparrorratza osatu behar dabe, bai arlo politikoan, noski, baita gure eguneroko pertsonalean be.
Aurtengo irailak hasiera emon deutso ikasturte politiko bereziari, hain zuzen, datorren maiatzean izango ditugun foru eta udal hauteskundeen kanpainari. Hasiak dira alderdien arteko ika-mikak, eta trumoi-hotsak nabariak dira. Eta bistakoak dira batzuen aldarri hutsalak: eraginik ez daukan demagogia, azaleko proposamen zentzugabekoak, "kasta" mantra behin eta barriro errepikatzeko joera obsesibo-konpultsiboa (kuadrilla guztietan badagoz ba pare bat "kasta" jatorrak portzierto)...
Trumoi-hotsa gero eta zalapartatsuagoa izango da udabarria heldu ahala. Ez gaitezan, bada, gor geratu. Badakigu nork egiten daben zarata eta nork egiten daben eguneroko lana. Gure iparra herritarren bizimodua hobetzean dago, gehienbat, egoerarik larrienean dagozenen egoera hobetzean, eta burrunbaren erdian be egingo dogu.